Ostegunean, abenduko 29an, Sondikako Izarza jatetxean ekitaldi instituzionala egin da. Bertan, desanexionatutako udalerrietako alkateak elkartu dira, baita Bilboko alkatea eta Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Foru diputatua ere.

Ekitaldi sinbolikoak garai hartan desanexioaren alde lan egin zuten hainbat eta hainbat pertsona gogorarazten ditu. Txorierriko udalerriak bateratuta, harreman ezin hobearekin, etengabe elkarrekin eta Bilboko Udalarekin lanean ikusteak poztasun paregabea ekartzen du, eta ekitaldiak, hain zuzen ere, hori azpimarratzeko balio izan du. Egungo egoera ikusita, ondoriozta daiteke duela 40 urte hartu zen erabaki hori, bidezkoa izateaz gain, zuzena izan zela.

Ekitaldia hasi baino lehen, 5 alkateak San Roqueko baselizara hurbildu dira, elkarrekin argazki bat egiteko. Argazki horretan Txorierri haranaren zati bat ikusi ahalko da.

Udalen bost ordezkariek parte hartu dute erabaki bidegabe hura leheneratzeak izandako garrantzia azpimarratzeko; Erandioren kasuan Primo de Riveraren garaian hartu zen, eta gainerakoen kasuan, Frankoren garaian. Horretaz gain, betiere euren identitatea gogoan izanik, udalerri bakoitzak inguruarekin lanean aritzeko izan dituen gogoak nabarmendu ditu.